Tuesday, June 4, 2013

Sorterrian



Nekez uzten du bere sorterria
sustraiak han dituenak.
Nekez uzten du bere lurra zuhaitzak
ez bada abaildu eta oholetan.
Ez du niniak begia uzten
ez bada erroi edo arrubioen mokoetan.
Nekez uzten du gezalak itsasoa
ez hare harriak basamortua.
Ez du liliak udaberria uzten
ez elurrak zuritasuna.
Bere sorterria nekez uzten du
sustraiak han dituenak.

Joseba Sarrionandia

Wednesday, May 1, 2013

Orlegia


Euria, haizea, tenperatura epela, lainoak, kresala, belar usaina... Hitz berriak nere hiztegian.
Hegakinetik ikusi nuen. Lainoz estalita zegoen lurralde bat, kostaldea okertzen den lekuan, lurra tolestu egiten den tokia.  Laino artean zelai berde, teilatu gorri, bailara estu... porlana eta galipotezko zauriak, sugeak balira.  Txikia zirudien. Dena txikia; lurraldea bera, bailarak, mendiak, herriak, kaleak, kamioiak, kotxeak...
Denbora batez bertan gelditzea erabaki nuen.
Eta kolorez berdea zen.


Eta berdea ere usaina; belarra, goroldioa... hezetasuna, ur txirripak tarrapataka, lohia... eta kresala... uhinen joan etorria hondartzan, itsasoaren urdin amaigabe beti ezberdina...

Berdea piñua, berdea pagoa, berdea belarra, berdea pikoletoaren txaketa...
 Orlegia edo Berdea naturan oso ohikoa den kolore bat da. Landare gehienak berdeak dira klorofila dutelako fotosintesia egiteko. Orlegi izena espektro elektromagnetikoaren barnean uhin luzera 520-570 nanometro artekoa duen koloreari dagokio.
 File:Electromagnetic spectrum-es.svg

Monday, April 22, 2013

Berdea?

Alde batetik aberriaren berdea buruan, egun gutxitan han izango naizela jakinik hango udaberriko zelai berdeak etortzen bait zaizkit burura.
Beste alde batetik hemen ere berdea ikusten hasi bait da ere. Baina ezin konfiatu eta egun batzutan udaberri giroko eguzki goxoaz disfrutatu ondoren berriro ere elurra ari du. Eta mara mara!
Beraz azken egun hauetan powderra dastatzeko aukera izaten ari gara. Ez da neguko "champagne" powder famatua, baina apirila erdialdean gaudelarik ez dago batere gaizki.


Monday, April 8, 2013

Gorria

Bai, hala da, Colorado-ko lur gorria agertzen hasi da elurra urtzen den heinean. Azken aste honetan tenperatura altuak eta udaberri giroa. Elurra azkar ari da urtzen eta denboraldi bukaera gertu.
Martxoak 25an Bowl-en egindako hiru jeitsieren bideoa jartzen dut hemen, udaberriko eskia izan daitekeenaren erakusgarri.
Elur asko bota zuen aste horretan eta hurrengo bi egunetarako beste ekaitz bat omen dator; tenperatura hotzak eta elur dexente. ea egia den.





Saturday, April 6, 2013

Urdina


Martxoa bukaera eta aste ederra egunero elur hautsaz gozatuz. Egun batzuk elurretan eta beste batzutan elur osteko eguzki eta zeru urdinaz gozatuz. Hotza aurpegi eta hanka puntetan, baina burua bero, hortzak zorrotz eta hankak erretzen. Denboraldi bukaeraren hasiera. Azken tantoak txapa gainean moztuta.


Wednesday, March 13, 2013

Saturday, March 2, 2013

MILA KOLORE (Oakland beltzetik Colorado txurira)

Eguzkia beherantza eta Utah- ko harkaitzak kolore laranja izugarri polita hartzen ari dira. Miloika urtetan higadurak sortutako eskultura zoragarriak. Argi eta itzalen jolas artistikoa. Pareta erraldoiak, amildegiak, arrakala sakonak, kañoiak... Nahi nuke trena gelditu, nahi nuke eguzkia gelditu, imagina izoztu, "pause", baina trenak sartalderantza jarraitzen du, mendebalde basatia, "wild west".  Eguzkiak ere bere bidean darrai. Gure patua gau iluna da dudarik gabe. Laranjaren ondoren okreak nagusituko dira, gero grisa eta azkenekoz beltza.
 Hala ere, hau baino lehenago, zeruaren edertasunaz gozatu ahal izan dugu. Zeruaren urdin sakon aldakorra eta hodeien gorria pixkanaka ahultzen. Etengabe aldatzen den margo inpresionista baten antzera. Koloreen, formen, aldaketa etengabea. Margo bizia.
Trena hartu eta Colorado, Utah, Nevada eta California zeharkatuz San Franciscora iritsi nintzen, Itsaso Barera. Renon trena utzi nuen eta autobus batean "Sierra" zeharkatu Sacramentoraino eta han berriro trena hartu. Horrela merkeago ateratzen zitzaidan eta Renon bi ordu eduki nituen lasai gosaldu eta hiritik buelta bat emateko. Casino batean sartu nintzen. Goizeko 9ak, jendea makinetan jokatzen. Lur enmoketatua, poker mahaiak, jendea serio serio apostuan. Krupierrak alkandora zuri eta txalekoarekin, ni bota eta motxilarekin  erruleta eta poker mahaien artean. Ikustezina banintz. Jendea jokoan konzentratuta. Ez nuen dirurik galdu. Ez nuen autobusa galdu.


San Franciscon egun batzuk egin nituen hiritik ibiliz eta kostaldeko zenbait toki ezagutuz.
Californiako egonaldi interesgarriaren ondoren, trena hartu nuen Bakersfieldera. Han autobusa Las Vegasera eta hemen beste autobus bat St George-era, Utah hegoaldean. St George-n kotxea alokatu eta astebete egin nuen Utah zeharkatzeko, zenbait National Park ikusiz.


Astebete egin nuen Utah-n baina hilabete bat ere egongo nintzake inguru horiek ongi ezagutzeko. Utah hegoalde horretan oso jende gutxi bizi da, erraldoia da eta mendi, baso, lautada, kañoi... denetik dago. Inguru natural ikusgarria. Harkaitzen koloreak era guzitakoak dira; gorriak, laranjak, horiak, zuriak, beltzak... pareta erraldoiak, forma eta mota guzitako mendi, arroil, orratz... ibaiak, lakuak, ur jauziak...


Ibilalditxo batzuk egiteko aukera izan nuen mendialdean. Parke naturaletan ibilbide asko daude markatuta baina negua denez, horietako asko itxita daude, elurra, izotza dela eta. Hotza egiten du eta egunen batean elurra ere izan nuen. Horregatik jende gutxi ibiltzen da garai honetan eta  lasaitasun handia dago.

 Cedar Cityra iritsi nintzenean elurra botatzen hasi zen eta igande osoa han egon behar izan nintzen. Mendate bat gurutzatu nahi nuen Bryce Canyon-era joateko eta hainbeste elurrakin ezinezkoa zen.

 Herri txikiak bidean, motelak hutsik, udaberri eta udako bezeroen zain. Bide ertzeko motel batean egin nuen gauean uste dut gau osoan ez zela handik kotxe bat ere pasa. "Road movie" baten antzera.


St George-ko motelean nintzela, gauean telefonoa; rezepzionista.
- Baduzu mailu bat?
- ????what?
- Mailu bat, mailua! Ez daukazu mailu bat?
- Ez ez daukat.
- Mailu bat behar dut. 104 gela da ez? Zu ez al zara ba "the spanish guy" (sic)
 (betiko kontua dokumentazio "fake" hau eramateagatik)
- Bai, ni naiz, (ez nintzen orduan ba hasiko betiko kontuarekin; "between Spain and France" and all the stuff) baina ez daukat mailurik.
- Ez daukazu mailurik e.
- Ez ez daukat mailurik sentitzen dut.
- Buff, bueno ba, good night
- Good night