Sunday, September 28, 2014

Ladakh


 Bizikletaren urkila hautsi dut. Bizikleta kamioi baten gainera bota eta Kargilera eraman naute.
Han autobusa hartu eta Leh-ra zuzenean konponbide baten bila.


 Bizikleta hautsi izanak beste erritmo bat ematen dio  bidaiari. Aurrez planifikatutakoa aldatu behar izan dut, inprobisazioari tarte bat emanez.
Gaur txarra dena bihar ona izan daiteke... eta etzi anekdota bat.

Pieza bat hautsi da, metal puska bat besterik ez (nahiz eta konpontzeko erraza ez den izango, eta bidaia arriskuan jartzen duen)
Bidai bakoitzetik, esperientzia bakoitzetik, zerbait dago ikasteko. Bidaiak bizitzari bultzada bat ematen dion bitartean... esperientziaren mezua interpretatzen asmatzeko gai bagara.


 Mendiko desertua, harri eta hondar, eremu gogorra. Inguruaren gogortasuna autobuseko nire bidaikideen aurpegietan zizelkatuta. Istorio bat eserleku bakoitzean.
Emakumea Kargileko autobus geltokian goizeko 5tan. Hankutsik hauts zikinean, zaborraz betetako poltsa buruan eta haur txikia eskutik helduta. Haurra biluzik gerritik behera. Anaia eskua luzatuz diru eske.
Monje gazteak tunika gorria jantzita. Haietako batek kamixeta rastafaria agerian tunika azpitik. Bob Marley eta Budak bat egiten duten dimentsio kosmikoan (komikoan?)

 
Bazkalondoren aldapa gora hasi gara. Herria bat omen dago 21 kilometrotara.
Ez dago herririk, militarren kanpamendua baizik, baina gorago akanpatzeko tokia omen dago.
Kilometroak oso poliki doaz, gu poliki goaz, denbora ez dakit poliki ala azkar doan, baina badoa.
4000m, 4500m, 4750m (militarren kanpamendua), gorago akanpatzeko tokia omen dago... 4960! Toki polita akanpatzeko, sekulako paliza hartu dugu espero gabe. Gelditu ondoren oraindik esfortzu bizian ari naizela iruditzen zait. Denda montatzea izugarrizko lana bihurtzen da. Ordu pare bat behar dut gorputzari buelta emateko. Zein atsegina den arnasa hartu ahal izatea! Lehenengo oinarrizko behar hau bete ondoren bigarrenari ekin diogu; afaldu, eta azkenik hirugarrenari; loa.
Badirudi indar sideralak nire kontra jarri direla eta hurrengo goizean, mendate gainera iritsi aurretik llanta hautsi eta kamarak eztanda egin du.
Pick up bat pasatzen da. Bertan igo eta Leh-ra berriro ere bizikleta konpontzera. Atzo igotako guztia zertarako?... niretzako.
Gaur txarra dena bihar ona izan daiteke... metal puska bat besterik ez da... esperientzietaz ikasi... etab...bla bla bla...























 Khardung La mendatean urkila "berriarekin"









 Shyok

  Nubra

 Merezi izan du


 Khardung (4000m)

 Bailaran behera Leh

 Behera

Behera

Friday, September 26, 2014

Zanskar

Edozer gauza, ikusgarria gehiago izan ez dadin, aski da ez soegitea


 Non dago emozionatzeko gaitasuna?
Non utzi genuen ilusioa?
Bidearen zein bihurgunetan galdu genuen ingenuitatea?


Ametsik ez egunerokotasunaren basamortu idorrean
  Arrainik ez erosotasunaren itsaso aspergarrian


 Izoztu egin zaizkigu bizipenak
amaigabeko itsaso lau ziurrean
denboraren laino grisak kolore guztiak akatu ditu

 Ahaztu egin zaigu hankutsik ibiltzea
biluzik igeri egitea
Beldurra diogu ezezagunari, beldurra beldurrari
ez bagaude ziur


 ez ote garen galduko


 Nora iritsiko garen garrantzirik balu bezala



" Bi punturen artean, zein da biderik laburrena?

 Biderik ederrena!"
J.A. Artze

















Monday, September 15, 2014

Hegaz


Bidai berri baten hasiera
Istanbulera bidean goaz
ekialderantza
eguzkia sortzen den aldera
ekiaren bila sortaldera.


Lau haizetara egin bait dugu hegan oporrak iritsi bezain laster.
Hegoaren bila batzuk
hegaz iparraren bila besteak
eguzkiarekin bat egitera gu.










Zuhaitz beraren adarrak bait gara, enbor beraren luzapena
Sustraiak gure lurrera itsatsita ikasi dugu hegan egiten.
Iparorratz berdinak gidatzen gaitu, sasi guztien gainetik, hodei guztien azpitik.
Lohi berean zikindu ditugu oinak
putzu berdinetan busti 
bidegurutz guztietan jo dugu guregana.

 


Han egonda beti sentitu gara hemen, gure enborrean,
gure odola zainetan gora, bizirik, egurra haragi sentituz,
harkaitzetan lehun, ekaitzetan goxo
mendiko haize hotzak esnatu gaitu, itsasoko olatuek kulunkatu.
Desorekatuz ikasi bait dugu oreka bilatzen, eroriz ikasi dugu altxatzen.



Mendiak zeruarekin bat egiten duen ertzan jarri bait genuen begirada eta hara ekin genion pedalkadaz pedalkada.
Izan zitekeen hurbilago, izan zitekeen beherago, errezago, askoz xinpleago... baina helmuga hodeietan zegoen idatzia.

 

Bidea zen helburua
bidean galtzea erabaki genuen
eta horrela irabazi.