Monday, July 11, 2011

SRI LANKA


Willpatu parke naturala bizikletaz gurutzatzeko ilusioarekin, militarrek zainduriko bide bakar batekin aurkitzen gara. Bidegurutze bakoitzean militar armatuak , urduritasuna begiradan; "hemen ezin da gelditu", aurrerago itzal bat bilatu behar botiletako ur beroa edan eta limoi zaporedun gaileta pare bat jateko. Ez da espero genuena.

Gauean, palma hostoz egindako etxetxoan tokia egin ziguten Tamil batzuk. Putzu batean gorputz gaineko hautsa kendu eta afaltzen eman ziguten.

Gerraren hondarrak bidean zehar. Militarrak trintxeretan gordeta eta beste eraikuntza militar eta lubakiak suntsituta. Genozidioaren erakusgarri, gizakirik ez bidean, hustutako herriak, errefuxiatuak hesiaz inguratuta.

Lagunak geldirik daude kontrol militar batean, gelditzeko esan digute, militar gazteak irrifarrez, jator eta irrifartsu, lasaiak, ez dugu ulertzen, erreka ona omen dago bertan bainatzeko, where are you from? where are you going? paper batzuk ematen dizkigute; tasaren bat pagatu behar? multa bat? rupia batzuren truke ez dakigu militarren aldeko bonoak edo zer demontre erosi dugun. Agur egiten digute irrifarrez ezkerreko eskua altxatuta. Eskubiarekin M16 fusil estatu batuarra helduta, atzamarra katutik gertu.


Budaren zuhaitzaren inguruan otoitzak eta dirua... "Iratzartze"rako bidea?

Buda ez da jainkoa, ezta Jainkoak bidalia, ezta profeta ere, eta budismoak ez du sortzaile bati buruz hitz egiten. Budistek ez dituzte hartzen budismoaren irakaspenak ez jainkozko agerkaritzat, ezta fede-dogmatzat ere, ikergaitzat baizik.
Irakaspen hauen xedea ezbetetasuna eta sufrimendua erauztea da. Budismoaren arabera, azken buruan sufrimendu horren zergatia ilusioa edo ezjakintasuna da, hots, existentziaren benetako izatea oker ulertzea. Horregatik egoera honen behin-betiko amaierari Iratzartzea deitzen diote. Maila berri horretara iristeko, budismoak buruzko entrenamendua, diziplina etikoa eta ikastea lantzen eta xedatzen ditu.

Siddhartha Gautama Sakya tribuko printze indiarra zen, budismoaren fundatzailea (K. a. 563-483). Oinazea eta heriotza ezagutzeak jauregiko bizimodu erosoa utzi eta bizitzaren egiaren bila abiarazi zuen. Gogarte-aldi luzeen ondoren giza izatearen misterioa argitu zuelakoan, Buda izena eman zioten ("Argitua" sanskritoz). Bere mezu osoaren muina, "lau egia zintzoetan" bildu zuen.

Lau Egia Zintzoak

Budaren irakaspen garrantzitsuenak Lau Egia Zintzoak dira.
  1. Bizitza mingarria da.
  2. Min honen zioa nahia da. Gero eta gehiago nahi dugunez, mina sentitzen dugu.
  3. Badago itxaropenik. Mina bukatzeko bide bat dago.
  4. Bide hau Bidezidor Zortzikoitz Zintzoa segitzean datza.

Bidezidor Zortzikoitz Zintzoa

Hauexek dira:
  1. Burutapen Zuzena
  2. Berba Zuzena
  3. Ekintza Zuzena
  4. Ogibide Zuzena
  5. Ahalegin Zuzena
  6. Arreta Zuzena
  7. Baitarapen Zuzena
Lehenengo biak jakintasunari dagozkio, 3.,4. eta 5.a moralari eta 6., 7. eta 8.a gogoetari.
PD. Nahi duenak ere zortziko txikia erabili dezake






- Herrialdea bitan banatu nahi zuten. Bonbak eta atentatuak, jendea hiltzen zuten. Orain dena lasai dago, gure presidenteak ondo egin du Tamilen kontra gogor jokatuz, ez zegoen beste irtenbiderik- Lehen ezin zen lasai bizi.
- Orain iparraldera joan daiteke, lasai dago, bakea. Orain turismoak gora egingo du. Orain ongi dago.

baina...zeinentzat dago ongi? turistentzat? ekonomiarentzat? errefuxiatu kanpoetan bizi diren Tamilentzat? hildakoentzat?
Eta tropela handitu egin zaigu, bertako txirrindulariak entrenatzen, elkarrekin egin ditugu kilometro dexente. Afizionatuak? profesionalak?... militar profesionalak noski!
Militarren presentzia itogarria iparralde eta ipar ekialdean.


Singalesak budistak dira baina Tamilen artean hinduismoa da erlijio nagusia.




- Jende hauek armak gordetzen dituzte etxe azpian. Gerra bukatzean ez ziren arma guztiak entregatu.
Gerraren bidez lortutako bakeak zenbat denbora iraun dezakeen galdetzen diogu geure buruari.




Mendialdean tea nagusi. eta emakumeak te hostoak jasotzen.


Mendi azpiko bailara zabaletan arrozaren berdea. Eta haizeak arrozaren usaina hedatzen du lau haizetara.

Kandi; mendialdeko hiri nagusia. Merkatua, eta turistentzako jaialdiak.